Mari Jaia
Mari Jaia | |
---|---|
Datu biografikoak | |
Jaiotza | , baliorik ez |
Heriotza | , baliorik ez |
Sexua | emakumezkoa |
Mari Jaia edo Marijaia Bilboko Aste Nagusiaren pertsonaia edo sinbolo ofiziala da, Mari Puri Herrero margolari eta grabatzaileak 1978ko abuztuan sortutakoa, Jai Batzordearen eskariari erantzunez.
Pertsonaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pertsonaia hau zapia buruan eta baserri giroko jantziak ditu, aurpegi irribarretsu musugorria eta ezaugarri markatuak. Besoak gora altxatuta azaltzen da, dantzarako gonbitea eginez, jarrera alaian.[1] Herreroren diseinuari jarraituz, urtero Mari Jaiaren irudi berria plazaratzen dute, emakume erraldoiaren itxura bere jantzien bitartez aldatuz.
1978 urtetik sortu diren kartel gehienetan azaltzen dira Mari Jaiaren esku jaso dantzariak edo bere aurpegi adeitsu hori. Hamaika formatan, hamaika estilotan, hamaika kokalekutan eta hamaika adiskiderekin azaldu izan da jaietako kartelean gure protagonista: sakakortxo itxurarekin, kremailera moduan, paperezko ahozapi bezala, Marylin Monroe gisa, Play-mobil legez, Superman-ekin, Gargantua-rekin, Boni txistulariaren ondoan, Arriaga-n, Zazpikale-etan, estilo kubistan, estilo naïf-ean... [2]
2018an Mari Jaiak irudi berri bat hartu zuen pegatina batean, eskua luzatuta "EZ BETI DA EZ / NO ES NO" mezua adierazten zuen, eraso sexisten aurka.[3]
Beso xut pare bat ikustea, esku jaso tenteak, aurpegi lasai musugorriaren zati bat, ezpain zati bat... nahiko da Mari Jaia ezagutzeko, nahikoa da parranda-giroaren ikonoa identifikatzeko.
Berria sortzeko prozesua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aste Nagusia baino hilabete eta erdi lehenagotik hasten dira elkarlanean Mari Puri Herrero, bere sortzailea eta 1999a geroztik Toño Valdivieso jostuna. Aurreneko lana erraldoiaren egitura sortzea izaten da: Marijaia kapaz kapa kartoiz egina dago eta geruza bakoitza sikatu arte ezin da hurrengoa jarri. Gero burua eta besoak osatzea dator, zurezkoak hauek. Barrukoa belarrez betea du, Gorbeia inguruko landetan ilargi betean propio moztutako belar ondua erabiliz, bere izaera magikoari nolabaiteko ukitu esoterikoa emanez.[4]
Molde bati esker urtero aurpegi bera egiten diote; buruko ile horia, espartzuz osatua du. Gona, alkandora, zapia eta gerrikoaren koloreak, ostera, urte bakoitzaren inspirazioaren arabera aukeratzen dizkiote; ze kolorerekin jantziko duten Txupin egunera arte ondo gordeta egoten den sekretotxoa izaten da, herritarren jakinmina piztuz.[4]
Marijaia erraldoiak 25-30 kilo bitarteko pisua du eta kontu handiz zaintzen da neurri horretatik ez pasatzea, gainpisuak oztopatuko zielako kalez kale bere irudia mugitzeko, dantzatzeko ardura duten lagunei. [4]
Bederatzi eguneko jardun alaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Festetako hasieran ateratzen da pregoilari eta txupinerarekin batera, pregoia irakurri eta txupina botatzen duten bitartean. Mari Jaia herrikoia da, Aste Nagusiko une eta toki garrantzitsu gehienetan azaltzen da. Mari Jaia nora hainbat festazale hara, berarekin argazkia egitera. Ume eta ez hain umeen artean estimazio handia du bera arrimora erretratatzeak.
Mari Jaia erretzen den unean bukatzen da Bilboko Aste Nagusia. Jaietako bederatzigarren egunean, bigarren domeka gauean, suak hartzen du Mari Jaia, itsasadarretik egingo duen ibilbidea amaitutakoan.[5]
Abestia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1997an "Badator Mari Jaia" abestia sortu zuten Edorta Jimenez idazlearen hitzekin eta Kepa Junkera trikitilariaren musikarekin. Sorreraz gain, lagun ugarik hartu zuten parte grabaketan:
Hitzak: Edorta Jimenez
Musika eta moldaketa: Kepa Junkera
Konponketak: Ibon Koteron (gaita), Sabin Bikandi (txistua)
Ahots Nagusiak: Alex Sardui, Francis Diez, Gorka Sarriegi, Maixa Lizarribar, Ixiar Oreja, Garbiñe Sagastibeltza, Amaia Oreja, Natxo de Felipe, Antxon Latxa
Koroak: Furunda, Irkus Robles-Arangiz, Felix Ugarriza, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Nerea Zuloaga, Leire Bilbao, Bilboko konpartsakideak.
Umeak: Julen Arregi, Gaizka Gonzalez, Larraitz Izagirre, Eki Orbezua
Musikariak: Kepa Junkera (trikitixa, panderoa), Julio Andrade (kontrabaxua), Blas Fernandez (bateria), Carlos Beceiro (mandolina), Antxon Latxa (gitarra akustikoa), Jose Luis Canal (teklatuak), Ibon Koteron (gaita), Alex Santos (gaita), Andoni Zabalza (gaita), Sabin Bikandi (txistua, danbolina, silbotea), Javi Alonso (atabala)
Grabaketa: Tio Pepe estudioan, 1997ko uztailean.
Soinu teknikaria: Cesar Ibarretxe eta Angel Lozano.
Abestia jaien ereserki bihurtu da harrezkeroztik.[6][7]
Aste Nagusia
bakarra dago
hamar gauekoa
munduan.
Abuztuan Bilbon
denok batera
katuak eurak be
jaietan.
Mari, Mari,
Marijaia dator
Mari, Mari,
Marijaia dator.
Uger, uger,
Bilboko uretan
Mari, Mari,
Marijaia dator.
Abuztuan danok
zahar eta gazte
gizon eta andre
jaietan.
Zapia lepoan
alkar hartuta
kolore guztiak
dantzetan.
Goxa eta erlojua
ez ei doaz batera
bata edo bestea
zoratu egin da.
Hara, hara, hara,
hara nor datorren
hara, hara, hara,
gure Marijaia.
Ene, ene, ene,
oi ai ene bada
aste hau pasata
barriro joango da.
Marijaia bera
gure Marijaia
Bilbora etorri da
Aste Nagusira.
Aste Nagusi
bakarra munduan
bakarra munduan
Marijaia.
Edorta Jimenez / Kepa Junkera
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
1987an txosnetan
-
1979
-
Aste Nagusiko hasieran Arriagan
-
1976
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ paco ferrandez. (2018-08-18). Marijaia 2018. (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
- ↑ 1978tik aurrerako kartelen galeria. .
- ↑ «Bilbao.eus - 2018ko Aste Nagusia, Eraso sexisten aurkako kanpaina» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Mari se queda sin jaia» El Correo 2018-08-27 (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
- ↑ Olea, Pedro. (1985). «Bihotzez (Pedro Olea, 1985)» filmoteka.eus: 21'27-22'15. (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
- ↑ Euskal Karaokeak. (2014-10-26). Badator Marijaia -Kepa Junkera-. (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
- ↑ borrokada. (2010-03-20). Marijaia dator ( Kepa Junkera ). (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).