Aage Bohr
Aage Niels Bohr (Kopenhage, 1922ko ekainaren 19a - ibidem, 2009ko irailaren 8a) daniar fisikari nuklearra izan zen. 1975eko Fisikako Nobel Saria jaso zuen Ben Mottelson eta James Rainwaterrekin batera atomoaren nukleoaz egin zituen ikerlanengatik.
Niels Bohr fisikariaren semea izan zen, Nobel Saria ere irabazi zuena. Familia Kopenhageko Unibertsitateko Fisika Teorikoko Institutuan bizi zen, eta han ezagutu zituen Aagek aitarekin lan egiten zuten zientzialariak. Kopenhageko Unibertsitatean ikasi zuen eta aitari lagundu zion bere lanean.
1943an familiak naziengandik ihes egin zuen, arbaso juduak zituelako. Bere aitarekin lan egin zuen britainiar proiektu atomikoan eta gero estatubatuarrean. Gerra ostean, Danimarkara itzuli zen ikasketak osatzera.
Estatu Batuetan Princeton eta Columbiako unibertsitateetan eman zuen denbora eta James Rainwaterren teoriak ezagutu zituen. Ben Mottelsonekin lan eginez Kopenhagen Rainwaterren teoriak frogatu zituzten esperimentuen bidez eta hirurek Nobel Saria jaso zuten 1975ean.
Aage Kopenhageko Unibertsitateko irakaslea izan zen eta bere aita hil ondoren Niels Bohr Institutuko zuzendari izendatu zuten.