Martin Larralde
Martin Larralde Iturbide, ezizenez Bordaxuri[oh 1] (Hazparne, 1782ko urtarrilaren 7a - Rochefort, Frantzia, 1821eko abenduaren 19a) lapurtar baserritarra eta bertsolaria izan zen, Galerianoa ezizenez ere ezaguna.
Martin Larralde | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Hazparne, 1782ko urtarrilaren 7a |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Lehen hizkuntza | euskara |
Heriotza | Rochefort, 1821eko abenduaren 19a (39 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | nekazaria, poeta, bertsolaria eta idazlea |
Izengoitia(k) | Bordaxuri |
- Artikulu hau Martin izeneko bertsolariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Larralde».
Bizitza
aldatuMartin Larralde Hazparnen jaio zen, Elizaberri auzoko Plumagainea baserrian, 1782ko urtarrilaren 7an. Aita Gilen Larralde zuen eta ama Marie Iturbide. Aita Bordaxuria baserriko semea zen eta ezkondua zen Plumagainera, emaztearen baserrira. Bordaxuri izengoitiaz ezagutzen zuten eta semea ere ezizen horrekin iritsi zaigu. Hiru seme-alaben artean, Martin zen premua, eta bizibidez zapatagina izan zen.[1]
Iduriz bertsotan aritzen zen, haren historia kontatzen duten bertsoez gain Andereño bat ikusi nuen igande goizño batez izenekoak ere ezagutzen baitizkiogu. Gaia ikusirik, bere tragedia gertatu aitzinekoak direla dirudi.[1] Ama 1809an hil zitzaion, eta orduan ama zenaren baserriaren zati bat eskatu zion aitari. Aitak ez zion inolaz ere onartu, eta orduz geroztik biziki harreman txarra izan zuen semearekin.[2][1]
1815eko ekainaren 27an, Gilenek baimena eman zion Kaselarenbordako Jean Ospitali Plumagaineko lurretan belarrak bildu eta jaso zitzan. Azken hau lan horretan ari zela, baten batek tiro bat eman zion bizkarrean eta bertan hil zuen. Berehala zabaldu zen gertatutakoaren berria, eta urte bereko uztailaren 4an jendarmeek Martin erruduntzat hartu eta Baionara eraman zuten preso.[1]
Azaroaren 28an, Pauen epaitu zuten eta galeretara kondenatu bizitza osorako. Epaiak dio Bordaxurik ez zuela jasan auzotar bat bere ustez bereak izan behar ziren lurretan lanean ikustea, eta horregatik hil zuela Ospital.[3] Zazpi epaile agertu ziren deliberoaren alde eta bost, berriz, aurka. Epaiketan hainbat lekuko izan ziren, denak euskaldunak, frantsesez tutik ere ez zekitenak, eta zuberotar batek itzultzaile lanak egin behar izan zituen baita frantsesezko agiri guztiak idatzi ere.[1][4]
1816ko agorrilaren 5ean, Rochefort hiriko galeretara eraman zuten, hogeita hamabost urte zituela, eta lan behartu horietan ari izan zen, 1821eko abenduaren 19an, Rocheforteko itsasgizonen eritegian hil zen arte. Zendu zelarik 39 urte zituen.[1] Ezkongabea zen.[5]
Galerianoaren kantua
aldatuPauen preso zegoela Galerianoaren kantua izeneko bertso sorta idatzi zuen gertatu zitzaiona kontatuz eta aitaren aurkako erra azalduz. Osora hamaika bertso.[1]
3.-
Ala, zorigaitzeko premu izaitea!
Harrek eman baiteraut betikotz kaltea;
aitari galdeginik sortzeko partea,
galeretan eman nau, hauxe duk dotea!
4.-
Ene aita da gizon kontsideratua,
semia galeretan du segurtatua;
nun-nahi othoitzean, belaunikatua,
saindu iduri, debru madarikatua!
Martinek bere errugabetasuna aldarrikatu zuen bertso autobiografiko hauetan eta, halaber, modu bortitz batez, senideekiko erresumina zigun agertu.[1]
5.-
Ene lehen kusia, Kadet Bordaxuri
Fagore bat banuke galdatzeko zuri:
Ongi adreza zaite ene arrebari
Ene saltzeko zonbat ukan duen sari?
6.-
Aita aitzinean ta arreba ondoko
Osaba burjes hori diru fornitzeko
Ez ordian enetzat bi sei liberako
Galeretan bederen leher egiteko!
7.-
Elizan sartzen dire debozionerekin;
Iduriz badohatzila saindu guziekin;
Beren liburu eta arrosarioekin,
Debruak pesta onik einen du heiekin.
8.-
Zortzigarren bertsua anaiarendako:
Kontseilu bat banikek hiri emaiteko!
Untsa goberna hadi, etzauk dolutuko,
Ni baitan etsenplua errex duk hartzeko.
9.-
Zuri mintzo nitzaizu, oi, aita zilarra!
Ardura dudalarik begian nigarra;
Zure eta ene arraza Bordaxuritarra,
Galeretan naizeno ni bainaiz bakarra.
Bordaxuri ala Katxo?
aldatuZenbait ikerketaren arabera Galerianoaren kantua ez zuen Larraldek idatzi, Manez Etxeto Katxo bertsolari herrikideak baino; Piarres Xarritonen arabera, epaiketan argi geratu zen Bordaxurik ez zekiela idazten.[6]
Martin Larralde, mitoa
aldatuBordaxuriren inguruan nolabaiteko mitoa sortu zen. Piarres Larzabal apaizak Bordaxuri antzezlana idatzi zuen 1952an. Antzerki horretan fikzioak presentzia handia dauka, besteak beste semea aita hiltzen saiatzen baita, baina Martin Larralderen izena haizatu zuen ezker-eskuin. Bestalde, Pantxoa eta Peiok Galerianoaren kantua abesti bihurtu zuten. Halaber, Joseba Sarrionandia bizkaitar poetak berari eskaini zion Martin Larralde olerki ezaguna, Hnuy illa nyha majah yahoo liburuan argitaratu zena. Urte batzuk beranduago Ruper Ordorikak musikatu zuen, Dabilen harria lanaren baitan:[3]
Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak
jendarme auto bat
bidean bildots artean pasatzen
(...)
Martin Larralde honelako egun batez hil zen
galeretan,
begiak zabalik etzanda, agian zerua
itsaso zikin bat dela esanez.
Bibliografia
aldatu- Jean Haritxelhar: M. Larralde "Bordaxuri" le poète galérien, 1962.
- Bertsolari aldizkariaren 81. eta 83. zenbakietan (2011koak) Adurrek egindako Martin Larralderi buruzko komikia plazaratu zen.
Oharrak
aldatu- ↑ Ez nahasi ezizen bera zuen haren osaba Beñat Larralderekin.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g h Aurkenerena, Joseba. Bordaxuriren penak eta bertsoak. Zuzeu, 2021eko irailak 5, CC BY-SA 3.0, zuzeu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-24).
- ↑ Xarriton, Piarres. Hazparne-ko Martin Larralde (1782-1821), Bernard Larralde (1771-1853), J. Baptiste Larralde (1804-1870) hiru pertsulari Bordaxuri-tarrak. Piarres Lafitte-ri omenaldia, Bilbo: Euskaltzaindia, 1983, 667-682 or. euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-24).
- ↑ a b Hach Embarek Irizar, Beñat. Euskal gaizkileak: Martin Larralde. Zuzeu, 2017ko abuztuak, CC BY-SA 3.0, zuzeu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-24).
- ↑ Madariaga, Ainize. Bordaxuri itzuli izan balitz. Berria, 2021eko abenduak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-23).
- ↑ Beñat Soulé: Neurtizlari Bertsulari Iparraldez, Euskaltzaleen biltzarra-Erroteta, 2011. 27. or.
- ↑ Bertsulari?, Plumaieneko galerianoaren auzia webgunean.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Martin Larralde literaturaren zubitegian
- "Martin Larralde" abestiaz Aho bete kanta webgunean
- (Frantsesez) Bordaxuriren epaiketa
- "Mila zortziehun ta hamabortzgarrena" poema on-line
- "Andereño bat ikusi nuen igane goizño batez" poema on-line
- Bordaxuri Hazparneko karrikei buruzko webgunean.
- Iñakito Garay. "Euskal gaizkileak: Martin Larralde". Zuzeu.eus. 2017-08-30
- Joseba Aurkenerena. "Bordaxuriren penak eta bertsoak". "Kazeta.eus"